24 iraila, 2021

Blog KE Innova

Euskararen erabilera eta gizarte inklusioa sustatzeko modu berriztatzaileak

Santa Maria del Socorro- Mertzede ikastetxea familia giroko ikastetxe bat da, lerro bakarra duena (Haurtzaindegitik DBHra). Azken hamarkadan, urtez urte, ikasle migratzaileen bolumena nabarmen areagotzen joan da (% 50etik gorakoa da gaur egun). Familia migratzaileenganako harrera onak eta haien satisfazioak dei efektua izan dute besteengan. Horren ondorioa da etorkinen portzentajea hain handia izatea. Kulturarteko bidaia honen hasieratik aniztasuna aberastasun eta aukera gisa landu dugu. Hezkuntza komunitate osoak ahalegin handia egin du errealitate berrira egokitzeko, erronka garrantzitsua zela jakinda: ikasle berri horien integrazioaren alde egitea eta “bertakoak” horrek dakarren aberastasunaz konbentzitzea. Hautemandako zailtasunek nagusien aurreiritziekin dute zerikusia, batez ere. Eta aurreiritzi horiek, batzuetan, zentro aldaketa bat ekarri dute (familiek hala erabakita).
Ikastetxeko gatazka maila oso baxua da. Adeitasuna, gertutasuna eta elkarrizketa kontuan hartzen dituen familia giroa zaintzen dugu, eta horrek harmonian bizitzen laguntzen digu.

Gaur egun, gure ikastetxea ezaguna da gure ingurunean, gure ikasleen sozializazio eraginkorragatik, sozializazioa baita gure zutabeetako bat. Eta hori lortzen ari gara, hain zuzen, 2004-05 ikasturtean abian jarritako ikuspegi estrategikoari esker.

Gure hizkuntza proiektu hiru eledunak ibilbide ona egin du orain arte (Haurtzaindegitik hasita); ingelesezko irakasle natiboak hartu (bat Haur Hezkuntzan eta beste bat Lehen Hezkuntzan), eta tutoreak “euskaldun zaharrak” izatea lehenesten dugu. Izan ere, integraziorako giltzarritzat jotzen dugu euskarara hurbiltzea eta haren gaitasunak kalitate eta samurtasun handienaz lantzea. Euskararen maitaleak, ez fanatikoak; motibatzaileak, gure ikasle bakoitzaren ama hizkuntzak errespetatuz.

Lasaitasunez jokatzen dugu, ikasle bakoitzaren bidaia berezia dela jakinik. Ez da berdina Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan sartzea (mailaren arabera ), eta DBHn zeresanik ez. Badakigu ikasle horien egoera emozionala funtsezkoa dela beren ikaskuntza eta sozializaziorako. Hori dela eta, lagungarriak zaizkien ikaskuntza emozionaleko esperientziak sartzen ditugu, etapa guztietan. Bigarren Hezkuntzan, batez ere, norberaren ezagutza emozionalerako tresnak eta gakoak ematen dizkiegu, bere burua desblokeatzeko eta erlaxatzeko, eta horrela, errazago egiten dute egonkortzeko eta sustraitzeko prozesu osoa.

Azken bi urte hauetan, pandemiaren eragina dela eta, euskararen erabileraren beherakadaz jabetu gara, eta kezkaz eta arduraz ikusten dugu. Horregatik, euskarari bultzada berri bat ematen lagunduko diguten formazio batzuk hasi genituen; horien artean, pikto-idazkerari buruzko bat.

Aisialdi eta artearen esparrutik, euskara erabiltzeko eta euskaraz gozatzeko motibazioa sortzen jarraituko dugu. Urte asko daramatzagu antzerkia, euskal dantzak eta abesbatzak lantzen, baita euskal giroko barnetegietako proposamenetan parte hartzen ere (aurten bi taldeentzat eskaini digute, eta eskertzen dugu). Horrez gain, udaletxeak etorkinei zuzendutako ekintzetan parte hartzera animatzen ditugu: euskara ikasteko eta indartzeko ikastaroak… Eta espero dugu aurten hain beharrezkoak diren jarduera horiei berriro ekin ahal izatea.
Hizkuntza errefortzuak egiteko kulturartekotasunean trebatutako irakasle bat (euskaldun zaharra) kontratu finkoaz dugu (2004ko irailetik). Urtero baliabide hori finantzatzeko laguntzak eskatzen ditugu. Haren dedikazioa ezinbestekoa da; batez ere, DBHn; hala ere, urte askotako esperientziak Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera ezartzea beharrezkoa dela adierazten du.

Eta, zergatik hainbeste ahalegin gure ikasleen euskalduntzean?

Bada, haien sozializazioan funtsezkoa delako, zalantzarik gabe. Gure lurraldean errotzea da helburua. Eta horretarako hizkuntza funtsezkoa da: pertsonen arteko harremanak, prestakuntza profesionala, esanahia, ikuspegia eta kulturaz gozatzeko aukerak errazten ditu. Gure lurraldean, gure gizarte honetan, gure kultura honetan sustraitzeko laguntza eta erraztasunak emanez, guztiok ari gara aberasten; identitatea galdu gabe eta guztientzako duintasun osoz. Baina lan horrek arreta handia eskatzen du: berrasmatzea, planteamenduak eguneratzea, desikastea eta ikastea…

Eskertzen dugu joan den ikasturte amaieran Hezkuntza sailburuak eta haren taldeko partaide batzuek egin ziguten bisita. Bertan, berariaz zoriondu eta laguntza eskaini ziguten, eta animatu ere egin ziguten, horrela lan egiten jarrai dezagun. Bai irakasleek bai ikasleek haien berotasuna eta gertutasuna sumatu zuten. Eta Zuzendaritza Taldeak bide onetik goazela egiaztatzeko aukera izan zuen, eta berretsi genuen bidaia honek gure ingurunean integratzeko erreferentzia izatera eraman behar gaituela eta ahalegin horretan ez dugula amore eman behar.

Gora bihotzak! Eta hemen gaude, Gernika-Lumon, gure esperientzia xehetasun gehiagoz partekatzeko.

Egilea: Ager Cuadrado, Zuzendari Pedagogikoa, Mertzede Ikastetxea, Gernika-Lumo.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu